2008(e)ko otsailaren 18(a), astelehena

PISKERRA




BARDEAK. Nafarroako basmortua
Piskerra-Rayón (468 m)
Bardeak, edo Errege Bardeak, Nafarroako baso hezeen aurkako eskualde idorra izateagatik ezagunak dira. Hiru atal ezberdin bereiz daitezke: iparraldeak El Plano delakoa, erdialdea La Blanca izenekoa eta hegoan La Negra izenekoa. Paisai bereziko eskualdea dugu: ur prezipitazioa urtean 450 litro metro koadroko izatera ez da iristen, lurzorua ez da emankorra, igeltsu eta gatz ugari baitu, eta harrien erresistentzia aldakorrek mahai itxurako erliebeak sortzen dituzte (kareharri eta harearri gogorrak, baita ibai ertzeko terraza iragazkorrak ere, buztin-tuparri bigunak babesten baitituzte). Pelikulen Ameriketako mendebaldeko paisaia gogora ekartzen digute.
Geografikoki Ebro ibaiko sakangunean kokatzen da, Pirinioak eta Sistema Ibérico (Moncayo) mendilerroen artean eta bere klima kontinentala da: uda beroak, negu hotz eta idorrak, ipar-mendebaldeko haizea, cierzo deiturikoa, nagusitzen da. Euri eskasa udaberrian eta udazkenean botatzen du.
Landaredian estepa idorreko zuhaixkak nagusitzen dira (erromeroa, sisalloa, ontina..). Bakanka zuhaitzak ere ager daitezke: pinuak, txaparroa, sabina arrunta eta legeltxorra, bereziki Barde beltzan eta Planan. Nekazarien eragina ere ikus daiteke, gutxitan uztara iristen diren laboreak edota fruitondoren bat. Eta bertan artzainen transhumantzia ezaguna da, Sanmigeletan Erronkari eta Zaraitzuko ardiak ekartzen baitituzte negua pasa.
Fauna ugaria eta aldakorra da, hegazti esteparioak bertako paisaian ezkutatzen direlarik: basoilo handia eta txikia, atalarra, ganga azpibeltza…, guztiak babestutako espezieak.
Aipatzekoa da Bardeetan ez dagoela inolako ubide egonkorrik. Euriak bapatekoak izaten direnez sakan edo trokarteetatik abiatzen dira, higadura fenomenoak ikusgarriak direlarik.
Historian zehar, baldintza gogorrak direla medio, ez da bizilagun egonkorrik izan, Neolito arotik aztarnak aurkitu badira ere.
Lurralde hau erregeen jabegoa izan du, hortik datorkio izena. Halere, haien erabilera Erronkariko lagunei eta inguruko herrietako jendeari dagokie, 882 urtean errekonkistan emandako laguntzagatik eta berreskuratutako lurra babesteko, erregeek hala erabakita. Guztira 22 herri dira, “congozantes” deiturikoak, eskubideak dituztenak. XVIII. mendean, 1705 urtean, Felipe V Espainiako erregeak eskubide hau bermatu zuen, suzesio gudarako herriek eman zioten diruaren truke.
Egun, nekazari eta artzainen gainetik, Bardeetan “burdinezko txoriak” nagusitzen dira, poligonoan bonbekin jolasean aritzen baitira: militarrak kanpora!!!
BIDEA: A-15 autopista jarraitu Arguedas herriraino. Tuterako errepidean, 2 km haratago ezkerreko bidea hartu behar da. Herritik atera bezain pronto dagoen gasolindegian elkartuko gara. Hasiera batean asfaltaturiko bidea den arren gero pista bilakatzen da. Tiro poligonoari itzulia eman behar zaio. Castell de Terra ezagunaren ondotik pasako gara.