2008(e)ko martxoaren 9(a), igandea

IRULEGI





Iruñerriko gaztelu ahaztua
Irulegi 893 m (Aranguren)

Iruñeko arroa Alaitz, Erreniega, Sarbil, Ezkaba eta Aranguren-Taxoare mendiak inguratutako sakana da. Mendilerro hauen tartean Arga, Arakil, Ultzama eta Elortz ibaiek Lizoain, Elortz, Artederreta, Sakana, Ultzama ibarrei bidea ematen diete.
Iruñeko arroa aspalditik baskoien lurra izan da, bertako lur emankorrek bereziki zekalen landa ahalbidetu dute, jatorrizko basoa murriztuz joan delarik; lehen aipaturiko mendien magaletan azken lekukoak mantentzen dira, baita pagadiak ere.
Aranguren-Taxoare mendilerroa Uhartetik Noain arte hedatzen da, Iruñeko arroaren ekialdeko muga izanik.
Tontorra 893 m besterik ez du eta kontuan hartuta abiapuntua 635 m-ko altuera duen Lakidain herria izanen dela igoera ez da neketsua izanen.
Altuera handia ez izan arren ikuspegia zabala da: Aranguren bailarako herriak, Zolina edo Ezkoriz-eko urmaela (bertan Iruñetik hurbil hainbat hegazti ikusteko aukera izaten da), Lizoainibar eta Elortzibar… eta oskarbi egonez gero baita Pirinioak ere. Honelako bistekin ez da harritzekoa erdi aroan bertan gaztelu bat eraiki izana. Berriki Aranzadi elkarteak, Arangureneko bailararekin elkarlanean aztarnen indusketa burutu du. KA I. eta II. mendeko arrastoak aurkitu dituzte.
Iparraldeko amildegiak babes naturala eskeintzen zuen eta hegoaldean sakan edo fosa bat eraiki zuten, tontorreko dorrea babesteko. Iruñeko erresuma arabiarren erasoetatik defendatzeko erabili izan zen.
Beaumontarren eta Agramontarren arteko gatazken isla izan zen. Azkenik, Nafarroako Joanes III.ak eta y Foix-eko Katalinak hura botatzea agindu zuten, 1494. urtean, Leringo kontearen aldekoek erabil ez zezaten.

Nola iritsi: Taxoareko bidea hartu, aurretik Zolinako norantzan eta gero Labianotik Ilundain arte. Bidegurutzean eskuineko bidea hartu Lakidain herriraino.