2008(e)ko apirilaren 20(a), igandea

ADI







Aldudeseko lurren gainetik
Adi (1458 m) Kintoa
GOAZEN MENDIRA!!!!

Adi eta Saioa eskualde honetako mendirik garaienak dira eta Mediterraneo eta Kantauri itsasoetako isurialdeak banatzen dituzten lerroan aurkitzen dira. Pirinio garaietarantz hurrengo urratsa ekialderako aurkitzen den Ortzanzurieta da, inguruetako tontorrak apalago baitira.
Kintoa (Quinto Real) eskualde honen izena Erregeari ordaindu beharreko zergatik dator, bertako basoetan txerriek bazkatu ahal izateko, hain zuzen ere. Aldudeseko herritarrek, Bankakoekin eta Urepelekoekin batera bertan azienda uzteko baimena zuten; hortaz, Aldudeseko eskualdea ere deritzo; Erro eta Baigorriko ibarren arteko tirabirak XV. mendetik gatazken ondotik Elizondon 1785 urtean sinatutako akordiorarte iraun zuten.
Inguru honetan pagadi zabala aurki dezakegu, Iruñetik hurbil eta Arga ibaia osatuko duten uren iragazi naturala sortzen duena. Garai batean ehiza larriagatik ezagunak izan ziren, bertan orein-mihi eta adarzabal aunitz bizi baitzen. Iraila partean animali ikusgarri hauen marrualdia entzuteko tenorea da.
Irteera honen abiapuntua Urkiagako lepoa izanen da. Aldez aurretik, bidaian, Iruñerrian edaten dugun uraren hornidurarako Urtasungo tratamendu plantatik eta Eugiko urtegitik pasako gara. Zertxobait aurrerago magnesita minerala ustiatzeko arrobi itzelak ikusiko ditugu. Inguruan dauden burdinolak eta armategiak, Olaberri izenekoa, zeharkatuko ditugu; guzti hauek basoetako egurraz eta ibaiko uraren indarrez baliatu ziren. Egun, arrain-haztegi baten aztarnak ere badira; non ote daude amuarrainak!
Urkiagatik eskuinaldeko bidea hartuko dugu, usategiak inguratzen dituena, eta bidexka errez batetik Adi tontorrerako aldapa zorrotza igoko dugu. Jeitsiera Odiako erreka-zulotik eginen dugu, benetan leku zoragarria.
Inguru honetan gizakiaren mehatxuak nonnahi topa ditzazkegu: Frantziarako autobidea Sorogainetik, urtegia egiteko proiektua edota Baztan aldeko Erdiz parajean ustiatu nahi zuten harrobi berria.
Zaindu ditzagun gure mendiak!!!!

iruzkinik ez: